Kolpe bat hartu eta oroimena galdu duzu. Bakarrik dakizu, poliziak esan dizulako, tiro batez hil duzula ohean etzandako elbarri bat, duela gutxi arte zerorrek maitekiro artatu duzuna. Sinetsita zaude gizon noblea, alaia eta eskuzabala zarela, eta, halere, daitekeen krimenik beltzena egin duzu.

Eta zeure buruari galdetzen diozu: Zergatik, Jamil? Oihala erortzen denean konturatuko gara ez bakarrik intriga eta suspenseko jolas oso burutsu bat ikusi dugula, vaina baita ere aukera izan dugula deskubritzeko gizakian dagoen ontasun guztia.

Patxo Telleriaren testu batean oinarritutako “Zergatik, Jamil?” lan hau Tartean Teatroa konpainiaren ekoizpen berria da eta euskaraz eta gazteleraz heldu zaigu. Aktoreak Mikel Martínez eta Eneko Sagardoy dira, eta zuzendariak, berriz, Jokin Oregi eta Patxo Telleria bera.

Aitortu behar dut antzerkia idazterakoan helburu nagusi bat dudala: ikuslea dibertitzea. Fribolitatearen aldeko aldarrikapena ematen du, baina ez da. Niretzat, “dibertitzea” “aspertzea”-ren antonimoa da, besterik ez. Eta ezaguna da Billy Wilder-ren mandamendu lehen eta bakarra: “Ez jendea aspertu”.

“Zergatik, Jamil?”-en konfliktu bat planteatzen da: azalpenik gabeko hilketa bat. Hori da antzezlanaren trama. Konflikto horren azpian beste bi daude: pertsonaia bakoitzaren giza gatazka. Hori da antzezlanaren gaia.
Batetik Jamil, magrebiar jatorriko gazte bat, ustez elbarritu bat odol hotzez hil duena, ohean zetzan gizagaixo babesgabe bat. Gaztearen “atzerritar”, “inmigrante”, “moro” kondizioak heritarren sumindura areagotzen du.
Bestetik Xabier, paralisi progresiboak jotako gizona, gaixotasunari orain arte adore eta bizi pozaz aurre egin diona. Ezkondutako gizona, emazteak maite du, baina ez daki (edo ez du jakin nahi) senarraren borondatea ulertzen.

Materiale honekin drama gordin bat eraiki zitekeen. Baina nik bestelako apostua egin dut, azaltzen diren konfliktoen sakontasuna errespetatuz, suspentse teatralaren ariketa kezkagarri eta bizigarria planteatzen duen egitura bat proposatu dut.

Generoari dagokionez, ikusleak bere uste, suposizio eta kabalak egingo ditu hasieratik, geroago errealitateak ezeztatuko dituena. Ikusleak bere epaia emango du etengabe, antzezlanak irudikatzen duen gizartearen mekanismo berdinek bultzaturik. Ikuslearen aurreritziak, gizartearen aurreritziak dira.
“Zergatik, Jamil?”-en ezer ez da dirudiena. Hasierako hiltzaile krudela, gazte solidarioa da. Hildako gizagaixoak azkenean bilatzen zuen bakea lortu du. Hasierako pertsonai antagonikoak lagun minak dira. Hilketa latza, adiskidetasunezko ekintza.

Teloia jeisten denean, intriga eta suspentseko ariketa ingeniosoarekin gozatzeaz gain, aurkituko dugu zenbateraino den gizasemea jator aritzeko gauza.

Zergatik?
Patxo telleria

TARTEAN teatroa ibilbide luze eta sendoa duen antzerki konpainia da. Formato eta genero desberdineko ikuskizunak sortzen ditu, ikuslego helduari zuzenduak, gastelaniaz eta euskeraz. Taldearen ezaugarririk nabarmenena sorkuntza da: taldeko kideek sortutako testu eta ideiekin ereikitzen dira ikuskizunak. Hori dela eta, gaur egungo erreferente bihurtu da Euskadiko teatroan.

Konpainiak euskal kultura eta antzerkiaren aldeko apostu garbia egiten du, eta ahalegin hori haintzat hartua izan da. Hainbat sari irabazi ditu azken urteotan, hala nola 2012an Patxo Telleria eta Jokin Oregik lortutako Max saria euskerazko testu onenari “Larria, kutsakorra eta mendebaldekoa” lanarekin; 2013an Patxo Telleriak lortutako Max saria euskerazko testu onenari “Lingua Nabajorum” lanarekin; edo 2014ean lortutako “Donosti Antzerki saria” ikuskizun berberarekin.

Jokin Oregi eta Patxo Telleriak elkarlanean Mikel Martinez eta Eneko Sagardoy aktoreen lana zuzenduko dute “ Zergatik, Jamil?”en, Telleriak idatzitako testua. Ekoizpenean beste mail handiko profesionalek ere hartuko dute parte; Pascal Gaigne, Xabier Lozano edo Acrónica Producciónes, besteak beste.

 


Taldea


Zuzendaria: Jokin Oregi y Patxo Telleria
Aktoreak: Mikel Martínez y Eneko Sagardoy
Argiak: Xabier Lozano
Musika: Pascal Gaigne
Ekoizpena: Tartean Teatroa

Saioak

Martxoak 3: euskeraz
Matxoak 4 eta 5: gaztelaniaz. Martxoak 4 estreinaldia

Prezioa

7-18 euro / Beherapenekin

TOP