
Info Proiektuak eta entzunaldiak
ETC Online Liburutegia
European Theatre Convention (ETC) nazioarteko sareak bere liburutegi digitalean antzerkiaren esparruko artistentzat eta akademikoentzat balio handikoak izan daitezkeen dokumentuak jasotzen ditu. Arriaga Antzokitik, aipatutako sarearen parte izatearen ondorioz, dokumentazio baliotsu hau gure ingurune artistikoaren eskura jarri dezakegu.
Horrela, ETCren sareko liburutegi digitalak antzerki-liburu eta argitalpen, ikerketa, bideo, tresna eta emanaldi labur ugari ditu Europako antzerki komunitatearentzat. Webgunea bisitatzen dutenek erabilgarri dagoen edukia arakatu eta pdf dokumentuak deskargatu ditzakete, edo bideoak beren nabigatzaileetan ikusi. Bilaketari laguntzeko, iragazki batzuk zehaztu dituzte gaiaren, eduki motaren, dataren eta herrialdearen arabera.
Liburutegi birtualerako sarbidea doakoa da esteka honen bidez
DEIALDI IREKIA
Euskarazko testu garaikide baten hautaketa
European Theatre Convention (ETC) elkartearekin elkarlanean egiten dituen jarduerekin jarraituz, Arriaga Antzokiak deialdi bat zabaltzen du euskarazko testu garaikide bat hautatzeko. Hautatzen den testua, bestalde, Arriaga Antzokiak aurkeztu egingo du aipatu ETC sareak haren kideen artean deitzen duen dramaturgia berrien 2023ko deialdira.
Izan ere, European Theatre Conventionek, deialdi horren bidez, Europako dramaturgia garaikideko bi testu berriri emango die babesa, eta baita horiek 2023an nazioartean izango duten ibilbideari ere. Testu horiek Europako 50 antzokik eta jaialdik baino gehiagok osatutako sareko kideen artean zabalduko ditu, eta 1.500 euroko dirulaguntza emango du testu horiek ingelesera itzultzeko, Europako testu garaikide interesgarrien bilduma zabalduz.
ETCren deialdiaren oinarrietan argitaratutako hautagarritasun irizpideak honako hauek dira:
- Testuaren kalitatea
- Testuaren itzulpenak jatorrizko hizkuntza ez den beste hizkuntza bateko ikusleentzat funtzionatzeko duen ahalmena
- Argumentuak nazioarteko ikusleriarentzat izan dezakeen garrantzia
- Egilearen ibilbidea
- Egilearen ibilbidea nazioartekotzeko laguntza behar izatea.
ETCren deialdiko testu irabazleak ETCren hurrengo Nazioarteko Konferentziaren programazioaren parte izango dira. Konferentzia Opolen (Polonia) izango da, 2023ko maiatzean, eta bertaratutakoek irakurketa parte‑hartzailea egingo dute.
Arriaga Antzokian deialdian parte hartzeko baldintzak:
Euskarazko jatorrizko testuak amaituta egon behar du, baina ez beste hizkuntzetara itzulita.
Aurkeztu behar diren materialak:
- Argumentuaren laburpena (orrialde bat gehienez, ingelesez, pertsonaia nagusien aurkezpen batekin).
- Euskarazko testu osoa.
- Egilearen lan globalaren eta ordezkatzen duenaren deskribapena ingelesez.
- Egilearen biografia ingelesez (aurretik argitaratutako testuen zerrenda batekin)
- Aurkeztutako testuak Europako ikusleriarentzat duen garrantziaren azalpena (gai nagusiak barne, gehienez orrialde bat ingelesez).
Dokumentazioa abenduaren 26a (astelehena) baino lehen aurkeztu behar da, mezu elektroniko bat bidaliz international@teatroarriaga.eus helbidera.
Testuak jaso ondoren, Arriaga Antzokiak hautaketa prozesu bat egingo du ETC European Theatre Convention-eko Call for Texts 2023 programan aurkezteko testu bakarra aukeratzeko.
EMAKUME ZUZENDARIENTZAKO NETWORKING TALDEA
ETCko KIDE DIREN ANTZOKIEN INGURUKO EMAKUME ZUZENDARIAK ELKARTU EGITEN DIRA ESPERIENTZIAK PARTEKATZEKO.
Arriaga Antzokia ETC antzoki sarean sartu berri denez, aukerak zabaltzen dira gure erkidegoko artistek sare horrek antolatzen dituen jardueretan parte hartu ahal izateko.
Izena emateko epea zabalik.
Egin klik hemen: Deialdia argitaratuta
ETCko EMAKUME ZUZENDARIEN NETWORKING Taldea 2021eko udaberrian inauguratu zen, eta gune bat eskaintzen die ETCko kide diren antzokietatik gertuko eszena-zuzendariei eta zuzendari artistikoei, trukerako, eztabaidarako eta bateratzeko.
Izena eateko azken eguna azaroaren 22a da, asteartea. Horretarako, mezu elektroniko bat bidali behar zaio ETCko Hélène Gauthierri hgauthier@europeantheatre.eu, eta kopian international@teatroarriaga.eus jarrita.
Bilerak ingelesez egiten dira.
ETC Europako antzoki publikoen sare handiena da eta 30 herrialde baino gehiagoko 50 kide europar ditu, kulturaren sektore biziaren aniztasuna islatuz. ETC 1988an sortu zen, eta Europako antzerkia sustatzen du elkarrizketarako, demokraziarako eta interakziorako ezinbesteko plataforma gisa. Plataforma horrek, halaber, erantzun eta islatu egiten du, eta konpromisoa hartzen du gaur egungo ikusleria anitzarekin eta gizarte aldakorrarekin. ETCk antzerkiaren nozio inklusiboa sustatzen du, Europako gizarte-, hizkuntza- eta kultura-legatua Europako eta haragoko entzule eta komunitateei hurbilduz. ETCren gobernantza indartsu eta profesionalak sareak aurrera egitea eta haztea bermatzen du, azken joeren eta garapenen parametroetan lan eginez.
Egitasmo honek Europar Batasunaren Europa Sortzailea Programaren babesa du.
ANTZERKIGINTZA BERRIAK
2022ko programarako proposamenak aurkezteko epea ireki da
Gasteizko Principal Antzokiak, Bilboko Arriaga Antzokiak eta Donostiako Victoria Eugenia Antzokiak, seigarren urtez, Antzerkigintza Berriak programa jarri dute abian, sortzen ari diren antzerkigileei eta beste arlo artistiko batzuetatik etorrita (literatura, zinema…) sormen eszenikoan menturatu nahi duten sortzaileei antzerkiaren ingurunera hurbil daitezen errazteko asmoz.Izena emateko epea 2022ko martxoaren 31n amaituko da, 18:00etan.
Proiektuaren helburua, bere garaian DSS2016ek sustatua eta bere legatuaren parte bihurtu dena, sortzaile eta antzerkigileen sare bat sortzea da, ohiko bakarkako lana eta horren ohikoa ez den talde lana uztartuz, antzerkigintzako materialak sortzeko harrobi bat eratzeko eta, horrela, antzerki konpainientzako eta sormen eszenikoarentzako erreferente bat eraikitzeko.
Era berean, ekimen honek antzerki testu berrien sormena sustatu nahi du; testua partitura entregagaitzat ulertua, zuzendari batek eszenara dezakeena.