Kontzertuak

THE NEW ORLEANS GOSPEL STARS

THE STREETS OF NEW ORLEANS

Musikak etengabe girotzen duen New Orleans hiriko musika-tradizioaren erakusgarri bizi-bizia.

2023ko abenduaren 18a

Arriaga antzokia New Orleans bihurtuko da gau batez, The New Orleans Gospel Stars bandari esker. Guztira 14 lagunek osatzen dute taldea, organoa eta erritmo- zein haize-sekzioak barne, eta The Streets of New Orleans aurkeztuko dute Bilbon. Zalantzarik gabe, nazioarteko musikaren hiririk ikonikoenetakoa da New Orleans, eta bertako musikaren historian zehar egindako ibilbidea izango da taldeak eskainiko duen kontzertua.

Grandes del Gospel-en produkzioa, adierazpen librea eta edertasuna uztartzen dituen kultura komunitarioa irudikatzen duena. Gospel Starsen ahots hunkigarriak musika-tradizio afroamerikarrik onenetan daude errotuta. Harmonia liluragarriak eta erritmo indartsuak ezin hobeto lotuz, dimentsio espirituala ematen diete kontzertuei, zeinetan musika bizitzaren metafora bihurtzen baita, edertasuna, sentimendua eta dibertsioa uztartuta.

The New Orleans Gospel Starsek bihotzetiko omenaldia egiten dio musikak etengabe girotzen duen hiriari. Jazzaren sehaska, gospelaren espiritua eta rhythm & bluesaren etxea da New Orleans. Hiriko kaleek abestien izenak dituzte eta auzoak XX. mendeko herri-musikako izarrez eta mitoz beteta daude: Louis Armstrong, Mahalia Jackson, Fats Domino… Kontzertuko programak gospelaren himno zaharrak ekarriko ditu, hirian sustraitutako kantu entzutetsuen aukera bat eskainiko du eta entzungai jarriko du, lehen aldiz gospel-programa batean, mundu guztiak New Orleansekin lotzen duen azpigenero bat: hileta-jazza. Tokiko esaeraren arabera, «jendea hil egiten da hor sartzearren». Musika-estilo hori solemnitate handiz jotzen da hilerrirako bidean, baina erabateko bizitasunez hirira itzultzean. Haren jatorria kongregazioek elizetan kantatu ohi zituzten espiritualetan dago. Dena prest, beraz, New Orleanseko musika-tradizioaren erakusgarri zirraragarri hori entzuteko, joan-etorriko bidaia bat egiteko Congo Squareko jatorrietatik oraingo desfileetara eta hainbeste jendek noiz edo noiz kantatu dituen melodia horiek gogorarazteko: What A Wonderful World, Just A Closer Walk, When the Saints Go Marching In eta abar.

Saioak

18 – 19:30 h.

Prezioa

20 - 42€ /beherapenak

Arriagaren lagunek:
% 10eko DESKONTUA.

Desgaitasuna duten pertsonek gurpil-aulkia badarabilte:
% 50eko DESKONTUA (eszenaurreko palkoan eta laguntzaile batekin).
TOP