Elkarrizketa

Calixto Bieito

"Bilbo astintzera nator"

"Bilbo astintzera nator"

Aita galiziarra eta ama sevillarra ditu; Miranda de Ebron jaio zen, 15 urte zituela Bartzelonara joan zen bizitzera bere familiarekin eta, han, antzerkiaz maitemindu zen. Egun, Suitzan bizi da, bertako Basilea Antzokiko zuzendari artistikoa baita.

– Eszena-zuzendari gisa mugarik jartzen al duzu?

– Ez, az dago mugarik. Sormenaren edo artearen munduan ez lukete egon behar. Hori bai, badaude inoiz egingo ez nituzkeen gauzak ere.

– Esaterako?

– Ez zait jendea manipulatzea edo entseguetan oihuka aritzea gustatzen. Gizon baketsua naiz, gainerakoekin errespetutsua. Zer gehiago? Beno, ba, ez nituzke aktoreak ez diren pertsonak erakargarritzat erabiliko. Eta kasu garbi bat aipatuko dizut: orain, Erdialdeko Europan, benetako errefuxiatuak agertokietan agertzea jarri da modan. Nik ez nuke egingo. Zalantzak sortzen dizkit.

– Bestalde, oholtza gainean felazioak, mutilazioak eta autopsiak birsortzeko arazorik ez duzu.

– Nik kolore- eta paisaia-sorta oso aberatsa dut. Zuk aipatutariko ezer agertzen ez den muntaiak egin ditut. Gogoan izan, denboraldi honetan bertan, Arriagan, Britten-en ‘War Requiem’ maisulanaren nire bertsioa aurkeztuko dela Bilboko Koralarekin eta Bilbao Orkestra Sinfonikoarekin batera. Hor ez dago horrelakorik. Oslon estreinatu dut eta arrakastatsua izan da. Gerraren aurkako alegatu bikaina da.

 – Beti egon ohi dira araua berresten duten salbuespenak. Ez duzu ukatuko lumpen doilorrenak eta gaiztoenak zure lan askotako protagonista ez direnik.

– Berriro errepikatuko dizut: nire interesak askotarikoak dira. Poemak ere idazten ditut eta emakumezkoen mundua oso gustuko dut. Hain zuzen, Sylvia Plath-en ‘Tres mujeres’ programatzea planteatzen ari naizela aurreratzen dizut. Ez dut nik zuzenduko, baina liluratu egiten nau.

– Urteekin moderatu egin ote zara bada?

– Ez, ez da hori. Denok bilakatzen gara, noski, baina ni irekitasunaz ari naiz. Ni beti izan naiz jakin-min handiko pertsona. Gorroto dut etiketa nazaten. Nire obra guztietan ez da sexua eta indarkeria agertzen. Hori bai, Bilbo astintzera nator. (I. Urrutiak Calixto Bieito-ri, Arriaga Antzokiko egungo zuzendari artistikoari, egindako elkarrizketaren laburpena)

Beste elkarrizketak

TOP