Kontzertuak

Oskorri: Hauxe da despedidia

Horrelaxe bukatuko da, 45 urteko lan etengabearen ostean, Oskorriren musika ibilbidea.

2015ko azaroaren 22a

Oskorriko jendeak adio esan nahi die bere jarraitzaile leialei udazken honetan egingo duten kontzertu sorta batekin. Horrelaxe bukatuko da, 45 urteko lan etengabearen ostean, Oskorriren musika ibilbidea.

Diktaduraren debekuak desafiatzeko erdiezkutuka abesten hasi zirenetik, zainetan zebilkiela Aresti poetaren engaiamendu eta exigentziazko arnas poetikoa, Oskorrik baditu pilatuak bere zorroan milaka kilometro, milaka ordu hara-honako bidaietan, ezin esan ahala bilaketa, entsegu, eta, horien fruitu bezala, 3.000tik gora kontzertu eta ia 500 kantu grabaturik.

Musika lan bat luzea bezain sakona. Zentzu ona, fintasuna eta modernitatea harturik iparrorratz, Oskorrik bide aberatsa egin du herri kantu eta literaturaren uretan murgildurik, urpe horretako bitxi baliotsuenak azaleratzen. Aurreiritzietatik libre, eta “kutsadura” mota guztiak (Pop, Rock, Jazz, eta zer ez) onartuz, lana sendo eta zindo egin dute, beren kantuak zuzenean defendatuz, jai eta aste, plazarik plaza.

Euskal belaunaldi bat baino gehiagoren soinubanda osatu dute Oskorriren kantuek. Hasi hondar frankismoaren garaietako gazte jadanik adinduetatik, eta Oskorriren haur-kantuekin hazten ari diren gaur eguneko umetxoengana…

Oroitzapen eder mordo bat eta lagun zahar eta berri andana bat berekin eramanez, Oskorrik agur diosku betiko.

 

TOP