Miguel Poveda Bartzelonan jaio zen 1973an. Egungo flamenko kantari handienetako bat da eta beste musika genero batzuk ere ikertuak ditu bere karrera artistikoa aberasteko. Gaur Arriagan bere azken lana aurkeztuko du.
“Sonetos y poemas para la libertad” lanarekin Miguel Povedak berriro jo du literaturara, aldi honetan sonetora, maitasun sentipenak adierazteko poesia molde egokienetako batera alegia. Ikuskizun honetan, Poveda Espainiako poeta onenetako batzuen lanean barrena abiatzen da, moldaketak eginez, bere burua haietara perfektuki egokituz eta poeta horien guztien ahotsa areago ozenduz: Quevedo, Rafael de León, García Lorca, Borges, Miguel Hernández, Pablo Neruda, Joaquín Sabina. Testuen hautaketan badu noski zerikusirik Povedaren sentimenduak, patuari buruzko gogoetak, eta literatura nola musika munduko izen handien alderako aitortzak.
Askatasunetik gauzatutako lana, eta bikaintasunaren gailurretan hegaldatzen dena, zenbait adiskideren laguntzari esker, hala nola Pedro Guerra abeslaria eta Luis García Montero poeta. Ikuskizunari goi-hatsa ematen diote, orobat, Joan Albert Amargósen musika ekoizpenak, Chicueloren ekarpen ezinbestekoak eta Miguel Ríos, Ana Belén eta Joaquín Sabinaren konplizitate ordainezinak.