Euskadiko Orkestrak eta Kalakanek bat egingo dute euskal musika tradizionala bildu eta zabaltzea helburu duen proiektu batean, bi hanka nagusi izango dituena: batetik, hamabi kanta barne hartuko dituen eta Elkar diskoetxeak udazkenean argitaratuko duen disko baten grabazioa; eta, bestetik, disko horretan jasotako kantak aurkezteko urri eta azaroan Iruña, Gasteiz, Bilbo, Donibane-Lohizune eta Donostian antolatu den zuzeneko kontzertu-sorta. Jagoba Astiazaranek egin ditu kantu horien orkestrarako moldaketak eta Juanjo Ocón da musika zuzendaria.
KlasikAT ekimenaren baitan kokatzen den proiektu berri honetan, Kalakan eta Euskadiko Orkestraren arteko elkarlan honen muina euskal musika tradizionala izango da. Urte luzeetan Kalakan taldeak euskal folklorea berritzen egin duen saiakera mundu klasikoarekin uztartzea da proiektuaren helburu nagusia.
Hirukoteak argitaratu dituen hainbat kanta orkestraren mintzairara ekarri ditu Jagoba Astiazaran konpositoreak, tartean, euskal kantagintzan aski ezagun diren Iruten ari nuzu edo Kantuz. Kalakan taldeak erabili ohi dituen hainbat instrumentu tradizionalek ere presentzia nabarmena izango dute, txalaparta, txirula edo alboka esaterako, zeintzuk beste instrumentuekin batera orkestran txertatu diren.
Horretaz guztiaz gain, Xalbador bertsolariaren hainbat hitz jasoko dira, propio proiektu honetarako sortu diren piezetan, baita Mikel Laboa eta Joxean Artzeren Txoria txori kantaren bertsio guztiz ezberdin bat ere.
Modu honetan, Euskadiko Orkestra euskal kantagintza eta instrumentu tradizionalen bozgorailu bihurtuko da, eta ahots eta perkusio soilei merezi duten oihartzun eta hedapena ematen lagunduko du.
KlasikAT
Proiektu berri honekin, ildo horri jarraipena emango diote bi musika-taldeek, orkestrak hainbat urtez abian izan duen KlasikAT ekimenaren baitan. Duela bi hamarkada baino gehiagotik egitasmo honen bidez Euskadiko Orkestrak apustu irmoa egin du ohiko errepertorioetatik haratago doazen edozein generotako musika-ekoizpenaren alde. Besteak beste, esparru sinfonikokoak ez diren honako artistekin egin du lan orkestrak: Benito Lertxundi, Golden Apple Quartet, Michel Camilo, Emilio Aragón, Kepa Junkera, Mike Oldfield, Ken Zazpi, Dr. Deseo, Zea Mays, Huntza eta Izaro.
Taldea
Kantu eta perkusioak: Kalakan (Jamixel Bereau, Xan Errotabehere, Bixente Etchegaray).
Orkestra: Euskadiko Orkestra.
Zuzendaritza musikala: Juanjo Ocón.
Abestien orkestrazioa: Jagoba Astiazaran.
Saioak
22 - 19:30.
Prezioa
12 - 25€ /beherapenak
Arriagaren lagunek:% 25eko DESKONTUA.
EUSKADIKO ORKESTRAren abonatuak:
% 25eko DESKONTUA.
Arriagaren lagunek:
% 25etik % 35erainoko DESKONTUA.
Taldeek, gazteek, 65 urtetik gorakoek, langabetuek, familia ugariek eta % 33tik gorako desgaitasuna dutenek:
% 20eko DESKONTUA.
Antzerki-alorreko profesionalek:
% 25eko DESKONTUA.
Desgaitasuna duten pertsonek gurpil-aulkia badarabilte:
% 50eko DESKONTUA (eszenaurreko palkoan eta laguntzaile batekin).
Iraupena
90 min.