Amazing Grace. A Gospel Celebration To Aretha Franklin kontzertuak musika afroamerikarraren interpretazio-estandarretan eraginik handiena izan duen eta oraindik ere eragiten duen grabaketetako bat omentzen du, 50. urteurrena betetzen duen honetan. Ekoizpenak jatorrizko LPan bildutako kanta guztiak eta Aretha Franklinen hit batzuk biltzen ditu, eta protagonista den abesbatzaren parte-hartze kementsuari esker gauzatu da: Mississippi Mass Choir abesbatzako abeslari batzuek osatzen dute The Black Heritage Choir taldea, eta Jerry Calvin Smithen zuzendaritzapean arituko da. Calvin Smith organo-jole da Grater Fairview Missionary Baptist Church elizan, irakasle Jackson State University unibertsitatean eta piano-jole Mississippiko estatuko abesbatza handian. Taldeak Gospelaren soinua dakar berriro Europara, eta gabon-aurretik izango dira Arriagan.

Aretha Franklinek duela berrogeita hamar urte grabatu zuen Amazing Grace Los Angeles hiriko bihotz beltzean. 1972ko urtarrilaren 13an eta 14an, Watts auzoko New Temple Missionary Baptist Church eliza txikian, predikariaren alaba izan zen berriro, eta James Clevelanden eta Southern California Community Choir abesbatzaren laguntzarekin, Gospelaren historian betiko geratu den diskoa osatu zuen, bere diskorik salduena. Auzoko jarraitzaileen eta Kaliforniako hipsterren artean, Amerika beltzeko izar batzuek eta artean hilezkor bilakatuko zenik ez zekien rock musikako mito batek distira egin zuten. Bertan izan ziren: Clara Ward, Famous Ward Singers taldearen sortzaileetako bat, Aretharengan eragin handia izan zuena; CL Franklin predikaria, milioi bat dolarreko ahotsa, Soularen Erreginaren aita eta Martin Luther Kingen babesle nagusia, eta Mick Jagger gaztetxoa, betidanik onartu duena zenbat zor dien bluesmen eta musikari anonimoen belaunaldi batzuei.

Amazing Grace ikuskizunak zuzeneko kontzertuek bakarrik izan dezaketen magiaren oihartzuna du, kontzertuetako berotasunaren, humanitatearen eta alaitasunaren oihartzuna. Antzinako garai on haiekiko oroimina ere bada, eta Estatu Batuetako eliza beltzetatik Gospelaren kultura ahalbidetu zuten gizon eta emakumeen aldeko aldarrikapen hunkigarria.

Saioak

19 - 19:30h.

Prezioa

20€ - 42€ /beherapenak

Arriagaren lagunek:
% 10eko DESKONTUA.

Desgaitasuna duten pertsonek gurpil-aulkia badarabilte:
% 50eko DESKONTUA eta laguntzaile batekin.

Iraupena

100 min. Atsedenaldia batekin

TOP